← Ibilbideak
Mallabia · Bizkaia EuskaraEUCastellanoES

Nahasia/Iturzurigaina/Zirkuitua

7 Pago
Mendi Lasterketa 16km

7 Pago Mendi Lasterketako 16K-ko benetako ibilbidea, lasterketaren bertsio laburra

15,70 kmDistantzia
+750 mDesnibela +
3h30–4h15Oinez
2h05Korrika
ErtainaEsfortzua
NahasiaAzalera
ZirkuituaMota
Oinez · Trail runningJarduera
MallabiaIrteera
227 mAltuera minimoa trackaren benetako profila · 15,70 km 854 mAltuera maximoa
1Zengotita 2Zengotitagane 3Iturzurigaina 4Osmagain 5Arietzu

— Distantzia, benetako GPX trackatik kalkulatua. Desnibela, lasterketaren antolakuntzaren datu ofiziala. Esfortzua, bien arabera zenbatetsia. Azalera eta Mota, bertatik bertara ikusiak.

Norentzat

Oinez · Trail running

7 Pago Mendi Lasterketako 16K-ko benetako ibilbidea, Mallabiko mendi eta auzoetan barrena.

16 kilometro eta 750 metro inguruko desnibel positiboa ditu. Paperean ez dirudi ibilbide oso luzea, baina lasterketa azkarra da, korrika egiteko tarte askokoa eta lasaitzeko aukera gutxikoa. Eta, hain zuzen ere, horrek egiten du uste baino gogorragoa.

Lasterketa Mallabian hasi eta amaitzen den arren, Trabakutik ere nahiko erraz sar gaitezke ibilbidean. 40 minutu inguruan Zengotitaganera iritsi eta 16K-ko trazatuarekin zuzenean bat egin dezakegu.

Gainera, Trabakutik are gertuago daukagu 7 Pago Mendi Lasterketako 25K-ko ibilbidea. 15 minutu inguruan lasterketa luzeko trazatuarekin bat egin dezakegu, Gerea ur-jauzietara doan igoeratik. Handik aurrera, lasterketako ibilbidearen zati bat jarrai dezakegu edo inguruko beste ibilbide batzuekin lotzeko erabili.

Mallabiko ibilbidea izanik, eta Trabakutik ateratzen diren hainbat ibilbidek 7 Pagoko 16K eta 25K-ko trazatuetako zatiak erabiltzen dituztela kontuan hartuta, ibilbide honek ere hemen bere lekua izan behar zuen.

Mallabiko plazatik abiatuko gara, eta berehala utziko dugu herrigunea atzean, auzo, baserri eta mendi-bideetan sartzeko. Lehen kilometroetan pixkanaka irabaziko dugu altuera, Zengotita auzoko San Juan ermitatik igaroz, Zengotitaganerako igoerari ekin aurretik.

Zengotitagane atzean utzita, goiko aldetik jarraituko dugu, bizkarretik aurrera eginez eta bi aldeetara ikuspegi ederrak izanez. Eskuinean Gerea harana zabaltzen da, eta ezkerrean Durangaldeko mendiak izango ditugu.

Iturzurigaina aldera jarraituko dugu. Zuhaitz artean tarte labur batean sartu eta, pagadi batean, handik gutxira ezkerrera egingo dugu, trikuharrien ingurura eramango gaituen igoerari ekiteko. Metro batzuk gehiago egin ondoren Iturzuriganera iritsiko gara, lasterketako punturik altuenera.

Hemendik aurrera itzulerako bidea hasten da. Aurrerago ezkerrera egingo dugu eta, harrizko gurutze baten ondoan, Betzuen baserriaren norabidean jaisten den bidezidorra hartuko dugu. Jaitsiera azkar eta entretenigarria da, eta denbora gutxian altuera dezente galtzen da.

Beheraino iritsi baino lehen, berriro ezkerrera egingo dugu eta hain ezaguna ez den bide bat hartuko dugu, Zengotita auzora bueltan eramango gaituena.

Zengotita auzoko beheko aldetik berriro igaro ondoren, San Juan ermitaren ingurutik, lasterketako azken bi igoerak geratzen zaizkigu oraindik. Lehenengo Osmagainera igoko gara, tontorreko gurutzeraino, eta ondoren Arietzu aldera jarraituko dugu, han ere tontorrean beste gurutze bat aurkituko dugularik.

Arietzu gaindituta, orain bai, Mallabiarako azken jaitsiera hasiko dugu. Erreka ingurura jaitsi eta, handik aurrera, ibilbidea nabarmen leuntzen da. Uraren ondotik eta ia lauan jarraituko dugu, tarteka aldapatxo txikiren batekin, Mallabiara itzuli eta 16 kilometroko ibilbidea osatu arte.

Ez da bereziki lasterketa teknikoa, eta desnibelak ere ez dira ikaragarriak, baina ez da komeni gehiegi fidatzea. Lasterketa azkarra da, eta azkarra izateak ez du esan nahi erraza denik. Ibilbidearen zati handi batean korrika egin daiteke, igoerak erritmo onean egiten dira eta atseden hartzeko aukera gutxi dago. Hasieran gehiegi estutuz gero, Osmagain, Arietzu eta Mallabiarako azken kilometroak espero baino luzeagoak egin daitezke.

Hau da 7 Pago Mendi Lasterketa 16Kren ibilbide ofiziala, maiatzero Mallabian jokatzen dena. Track ona hurrengo edizioa baino lehen ibilbidea ezagutzeko.

Ibilbidearen mapa

1Zengotita 2Zengotitagane 3Iturzurigaina 4Osmagain 5Arietzu

Benetako GPX tracka OpenStreetMap gainean · Wikilocen ere bai: Wikiloc

Inguru honetako ibilbideak