Asfaltoa, porlana eta harria/Longa eta Muniozguren/Zirkuitua
Zirkuitua Trabakuatik, Gerea, Longa eta Muniozgurenetik igarota
Zuhaitz bat erorita, bidea moztuta edo ibilbide honetan zerbait aldatuta ikusi duzu? Kontaidazu, eta neuk gainbegiratuko dut fitxa eguneratu aurretik.
— Distantzia eta Desnibela, benetako GPX trackatik kalkulatuak (beste aplikazioekiko apur bat ezberdina izan daiteke, bakoitzak bere leuntze-metodoa baitu). Zailtasuna, bien arabera zenbatetsia. Azalera eta Mota, bertatik bertara ikusiak.
Trabakuko mendatetik abiatuko gara. Bi tabernen artetik Gerea auzorantz, ipar-mendebalderantz, doan asfaltozko errepide txiki bat ateratzen da. Bide horri lasai jarraituz, kilometro gutxiren buruan auzora iritsiko gara.
Errepide beretik jarraituko dugu, zelai, baserri eta ganadu artean, Longa ingurura iritsi arte, bertan baitago nekazalturismoa. Hemendik aurrera asfaltoa amaitu eta porlanezko bidea hasten da. Komeni da puntu honi erreparatzea: bueltan, ezkerrean ikusten ditugun zelaietatik jaitsita, berriro hemen egingo dugu bat errepidearekin.
Porlanezko bidetik jarraituko dugu, hasieran aldapa leunean, zelaien artean sakabanatutako baserriren bat atzean utziz. Pixkanaka altuera hartzen joango gara eta, azken kilometroan, aldapa gogortu egiten da Muniozguren baserrira (6,5 km · 561 m) iritsi arte, ibilbide honetan altuen dagoen baserria.
Muniozgurenera iristean, eskuinean Astarloko Atxa ikusiko dugu. Tontor txiki baina nabarmena da, eta bertara igotzea merezi du: goitik Gerea inguru osoaren ikuspegi ederra zabaltzen da, eta aurrez aurre Oizko mendilerroa dugu.
Aurrera jarraituko dugu eta, handik gutxira, bideak eskuinera bira itxia egiten du eta beherantz hasten da. Bide hori erabili ohi dugu Zenarruzako ibilbidearekin lotzeko edo Bolibar aldetik igotzeko. Oraingoan, ordea, ez dugu hartuko eta zuzen jarraituko dugu.
Aurrerago bi pista aurkituko ditugu. Eskuinekoa utzi eta ezkerrekoa hartuko dugu; berehala harrizko pista bihurtzen da. Pixka bat igo eta, hortik aurrera, gora-behera artean jarraituko dugu 7,3. km ingurura iritsi arte.
Bihurgune bete-betean eskuinera ateratzen den pista bat ikusiko dugu. Hura alde batera utzi eta zuzen jarraituko dugu, Longarantz jaisten hasteko.
Tarte honetan kontu pixka batekin ibili behar da. Beherago, baliteke alanbre-hesi bat bidearen zati bat zeharkatzen aurkitzea. Aldez aurretik ondo ikusten da, baina komeni da poliki hurbiltzea. Ez da oso altua eta bizikleta gainetik pasatu daiteke arazo handirik gabe.
Beherantz jarraituta, handik gutxira burdinazko ate bat aurkituko dugu. Bertatik igaro eta zelaietan behera jarraituko dugu, normalean zaldi eta ganadu artean. 9,0 km · 419 m puntura iristean, beste egurrezko ate bat aurkituko dugu. Hura zeharkatu eta berriro Longara iritsiko gara.
Hemen hasieran erabili dugun errepidearekin egingo dugu bat. Eskuinera hartu eta bide beretik itzuliko gara Trabakuko mendatera.
12,23 km eta +250 m-ko desnibela zirkuitu bakarrean. Ibilbide labur eta azkarra da, baina bizikletaz gozatzeko nahikoa ibilbide eskaintzen du, denbora askorik ez dugun egun horietarako aukera aproposa. Korrika egiteko edo oinez ibiltzeko ere oso egokia da, paisaia irekiak eskaintzen ditu eta Trabakutik gehiegi urrundu gabe.
Ibilbidearen mapa
Benetako GPX tracka OpenStreetMap gainean · Wikilocen ere bai: Wikiloc