← Ibilbideak
Mallabia · Bizkaia ES
Muniozguren · 6,44 km · 559 m1Aldapa gogorra · 10,3 km · 754 m2Oizko gailurra · 11,6 km · 927 m3Potrera · 14 km · 714 m4San Kristobal Txiki · 15,8 km · 497 m5
393 mAltitudea min. trackaren benetako profila · 20,43 km 927 mAltitudea max.
1Muniozguren 2Aldapa gogorra 3Oizko gailurra 4Potrera 5San Kristobal Txiki

Nahasia/Oiz eta San Kristobal Txiki/Zirkuitua

Trabakua, Muniozguren
Oiz eta San Kristobal Txiki

BTT zirkuitua Trabakuatik, Muniozguren, Oizko gailurra eta San Kristobal Txikitik igarota

20,43 kmDistantzia
+660 mDesnibela +
ZailaZailtasuna
NahasiaAzalera
ZirkuituaMota
Trail running · BTT/e-bikeJarduera
TrabakuaIrteera

Distantzia eta Desnibela, benetako GPX trackatik kalkulatuak (beste aplikazioekiko apur bat ezberdina izan daiteke, bakoitzak bere leuntze-metodoa baitu). Zailtasuna, bien arabera zenbatetsia. Azalera eta Mota, bertatik bertara ikusiak.

Norentzat

Trail running · BTT/e-bike

20,43 km eta +660 m, trail running entrenamendurako bereziki ondo datozenak: pista-kilometroak oinarria egiteko, igoera luze eta eramangarri bat erritmoa hartzeko, aldapa labur eta oso gogor bat benetan estutzeko, eta Potrerako jaitsiera lur teknikoan askatzeko. Bizikletaz ere ibilbide ederra da, baina pazientzia eskatzen du: aldapa hori ia ezin da pedalkatu, eta Potreran tarte hautsiak eta zuloren bat daude, oinez jaistera behartzen dutenak.

Trabakuatik abiatuko gara, mendateko bi tabernen artetik, Gerea aldera igotzen den errepidea hartuta. Desbideratu gabe jarraituko dugu, baserri eta zelai artean lasai igoz, Muniozgurenera iritsi arte.

Muniozgurenen porlana amaitzen da. Amaieran, ezkerretara ateratzen den harrizko pista hartuko dugu, eta handik gora jarraituko dugu, pixkanaka altuera irabaziz. Pista nagusitik jarraituko dugu beti, desbideratu gabe, igoera nahiko leun eta eramangarri batean.

Horrela, gutxi gorabehera 10,3. kilometrora iritsiko gara, lehen igoera honetako punturik altuenera. Bertan, ezkerretara bidezidor txiki bat ateratzen da. 200 metro inguru baino ez dira, baina hemen bidea erabat aldatzen da: aldapa oso gogorra aurkituko dugu, BTTarekin gainean igotzea ia ezinezkoa dena, eta tarte batzuetan bizikleta bultzaka eramatea ere kostatzen da.

Tarte laburra da, baina gogorra. Bide zahar hau urte luzez ia abandonatuta egon zen, baina azken urteotan berriro berreskuratu da, besteak beste, Mallabiko 7 Pago Mendi Lasterketa bertatik igarotzen delako.

Aldapa gogor hori gaindituta, landa zabal eta eder batera aterako gara. Borda baten ondotik gora jarraituko dugu, eta hemendik aurrera paisaia benetan zabaltzen hasten da. Aurrean Oizko eolikoak ikusiko ditugu, eta atzera begiratuz gero, ordura arte atzean utzitako mendi eta haranen ikuspegi ederrak izango ditugu.

Hemen ez dago biderik: landan zehar gora egingo dugu goiko aldera iritsi arte. Bertan, hesi bat zeharkatu eta eolikoen pistara aterako gara. Ezkerretara hartu eta jaisten hasiko gara.

Pista horretatik jarraituko dugu, eolikoetatik jaisten den eta Garai aldera doan bidearen zati bat eginez, nahiz eta aurrerago utziko dugun. Gutxi gorabehera 14. kilometrora iristean, potrera baten ondoan ezkerretara joko dugu, Potrera izenez ezagutzen den jaitsiera hartzeko.

Kilometro inguruko jaitsiera da, harri eta harri solte askokoa, eta nahiko teknikoa. Tarte batzuk konplikatuak dira eta baliteke bizikletatik jaitsi behar izatea. Hala ere, merezi du: aurreko igoerarekin batera, inguru honetako bide ezkutu eta gutxi erabiltzen diren pare bat ezagutzeko aukera ematen digu.

Jaitsiera amaitzean iturri baten ondora iritsiko gara, San Kristobal Txikitik oso gertu. Beherantz jarraituko dugu eta, ermitara iritsi baino pixka bat lehenago, ezkerretara joko dugu berriro ere igotzen hasteko.

Igoera horrek Zengotitatik datorren GRarekin bat egitera eramango gaitu. GRari jarraituko diogu, erreka txiki bat kontu handiz zeharkatuz, eta aurrerago Betzuen baserriaren ondotik pasatuko gara.

Hemendik aurrera beherantz jarraituko dugu Zengotita auzora iritsi arte. Lan handiena eginda izango dugu ordurako, eta 2,5 kilometro inguru baino ez zaizkigu geratuko Trabakuan ibilbidea amaitzeko. Azken tarte lasaiagoa, hankak pixka bat askatu eta azken kilometroez gozatzeko, berriro abiapuntura iritsi aurretik.

Ibilbidearen mapa