Nahasia/Bost tontor/Zirkuitua
Trabakua, Zengotitagane
Erdella, Intxorta eta Egoarbitza
Oinezko zirkuitu luzea Trabakuatik, Zengotitagane, Santamañazar, Erdella, Intxorta eta Egoarbitzatik igarota
— Distantzia eta Desnibela, benetako GPX trackatik kalkulatuak (beste aplikazioekiko apur bat ezberdina izan daiteke, bakoitzak bere leuntze-metodoa baitu). Zailtasuna, bien arabera zenbatetsia. Azalera eta Mota, bertatik bertara ikusiak.
Oinez · Trail running
36,31 km eta +1.750 m, bost tontorren artean banatuta: pista eta bide zabal ugari erritmoa hartzeko, eta bidezidor eta mendiko tarteak tontor bakoitzeko igoera-jaitsieretan. Ez da ibilbide teknikoa, baina luzea da: zailtasuna igoera bat bestearen atzetik kateatzean dago, hankak bidean gera ez daitezen.
Ibilbidea trail running irteera luze moduan, baita egun osoko mendi-ibilaldi moduan ere, oso ondo moldatzen da. Bidean hiru iturri daude — Zengotitako sarreran, Goierriko ermitaren ondoan eta San Salbador ermitan —, eta horri esker beharrezkoa baino gehiago kargatu gabe atera daiteke.
Arazo bat jakinarazi
Zuhaitz bat erorita, bidea moztuta edo ibilbide honetan zerbait aldatuta ikusi duzu? Kontaidazu, eta neuk gainbegiratuko dut fitxa eguneratu aurretik.
Trabakuatik abiatuko gara ipar-mendebalderantz, Zengotitaganerako bidea hartuta. Hasieratik maldan gora jarriko gara: 2 kilometro inguruko igoera jarraitua dugu aurretik, 40 minutu ingurukoa. Ez dago galtzeko arrisku handirik; zuzen jarraitu eta gora egitea da kontua.
Zengotitaganera iristean eskuinera egingo dugu, gandorra hartuz. Bertatik jarraituko dugu, gora-behera txikien artean, gandorra amaitzen den arte. Han ezkerrera jaisten den pista hartuko dugu, Zengotita auzorantz.
Auzoaren sarreran iturri eder bat aurkituko dugu, ura hartzeko leku aproposa. Zengotita zeharkatu eta beherantz jarraituko dugu, auzoaren beheko aldean dagoen ermitara iritsi arte.
Ermitaren ingurutik GRaren bidea hartuko dugu Goierri aldera. Tarte erosoa da, eta Goierriko ermita ondotik pasatuko gara; bertan beste iturri bat ere badago.
Aurrerago zentral elektrikora iritsiko gara. Hemen erdiko bidea hartuko dugu, gorantz doana, eta metro batzuk aurrerago eskuinera joko dugu, Santamañazarrerako igoerari ekiteko.
Pixkanaka altuera hartuz, eguneko lehen tontorrera iritsiko gara. Goian ikurrina, gurutzea eta hainbat oroigarri aurkituko ditugu, baita Durangalde aldera ikuspegi ederrak ere.
Santamañazar atzean utzi eta gandorretik Erdella aldera jarraituko dugu. Tarte honetan aldapa motzak eta zati lasaiagoak tartekatzen dira, altuera handirik galdu gabe. Horrela iritsiko gara eguneko bigarren tontorrera, Erdellara (683 m), basoz inguratutako tontor itxiago batera.
Erdellatik behera egingo dugu, pista eta bideetatik, Elorrio eta Elgeta lotzen dituen errepide nagusira iritsi arte. Errepidea kontuz gurutzatu eta Intxortarako igoerari ekingo diogu.
Hasierako zatia nahiko eramangarria da, baina gora egin ahala malda gogortzen joango da. Azken zatian hankak estutzea tokatuko zaigu, tontorrera iritsi aurretik aldapa sendoa baitugu.
Intxortako tontorretik Udalatx, Anboto eta Durangaldeko mendien ikuspegi ederrak izango ditugu. Inguru honek, gainera, Gerra Zibilaren aztarna nabarmena gordetzen du. 1936 eta 1937 artean borroka gogorrak izan ziren hemen, eta tontorraren inguruan oraindik ikus daitezke garai hartako lubaki eta defentsa-posizioen arrastoak.
Intxorta utzi eta Elgeta aldera jaisten hasiko gara, bidezidorretik. Bidean San Salbador ermitaren ondotik pasatuko gara; bertan iturri bat ere aurkituko dugu, ura hartzeko aukera ona.
Beherantz jarraituz Elgetara iritsiko gara. Herria zeharkatu eta Eibar aldera aterako gara. Hilerria pasatu ondoren, pixka bat aurrerago, errepidea utzi, gurutzatu eta Egoarbitzara eramango gaituen pista hartuko dugu.
Hemen hasten da eguneko beste igoera politetako bat. Pistak etengabe egiten du gora, erritmoa hartzeko moduko aldapa batean. Ez du zailtasun berezirik, baina ordurako egindako kilometroak eta aurreko igoerak hanketan nabarituko ditugu.
Egoarbitzara hurbildu ahala, bere harkaitz-forma berezia ikusiko dugu aurrean. Pista utzi eta azken zatia egingo dugu tontorreraino, aurrekoa baino menditsuagoa den bidetik.
Egoarbitzako tontorrean merezi du geldialditxo bat egitea. Ia 360 graduko panoramika zabala dugu bertatik, inguruko mendiak eta ordura arte egindako ibilbidearen zati handi bat ikusteko. Behealdean Aixolako urtegia ere ikusiko dugu, gure hurrengo helmuga.
Tontorra atzeko aldetik inguratu eta Aixolarantz jaisten hasiko gara. Baso eta pistetatik behera egingo dugu, jaitsiera luze eta polit batean, Aixolako presara iritsi arte.
Presa beheko aldetik gurutzatu eta urtegiaren ertzeko bidetik jarraituko dugu. 300 metro inguru egin ondoren, eskuinean lurrezko bidezidor bat hartuko dugu. Hemendik berriro gora egitea tokatuko zaigu.
Bidezidorrak goiko pista ezagun batera eramango gaitu, Goierri eta Elgeta lotzen dituen pista berera.
Bertara iristean eskuinera egingo dugu eta Goierri aldera joko dugu. Hemendik aurrera bidea erraza da, eta pistari jarraituz Goierrira iritsiko gara.
Goierritik GRa hartuko dugu berriro Zengotita aldera. Zengotita zeharkatu ondoren, Trabakuara itzultzeko azken zatia egingo dugu, bertan ibilbideari amaiera emanez.
Ibilbidearen mapa