Pista, bidezidorra eta errepidea/Elgeta, Karabieta eta Azkonabieta/Zirkuitua
Trabakua, Elgeta, Karabieta
eta Eibar
Zirkuitua e-bikez Trabakuatik, Elgeta, Karabieta eta Azkonabietatik igarota, Eibar, Ermua eta Beranotik itzulita
— Distantzia eta Desnibela, benetako GPX trackatik kalkulatuak (beste aplikazioekiko apur bat ezberdina izan daiteke, bakoitzak bere leuntze-metodoa baitu). Zailtasuna, bien arabera zenbatetsia. Azalera eta Mota, bertatik bertara ikusiak.
E-bike
39,56 km eta +1.011 m desnibel positibo, zirkuitu bakarrean. Ibilbidea Mallabiatik abiatzen da, eta buelta ematen du Elgeta, Karabieta eta Azkonabieta zeharkatuz; handik berriro itzultzen da Eibar, Ermua eta Berano pasatuz. Ura hartzeko aukera dago Goierrin (6,65 km) eta Elgetako frontoiaren ondoan (16,83 km), eta bertan gainera badago bizikleta ur-presioz garbitzeko gunea.
Arazo bat jakinarazi
Zuhaitz bat erorita, bidea moztuta edo ibilbide honetan zerbait aldatuta ikusi duzu? Kontaidazu, eta neuk gainbegiratuko dut fitxa eguneratu aurretik.
Trabakuatik abiatzen gara Zengotitarantz. Ermitaren ingurura iristean, bidea behera hasten da poliki-poliki, eta GR markekin bat eginda jarraitzen dugu Goierrirantz.
Goierrira hurbiltzean (6,65 km · 319 m) iturri baten ondotik pasatzen gara: leku aproposa ura hartzeko, jarraitu aurretik. Hemendik aurrera, Elgetarako norabidea hartzen dugu harrizko pistatik, Santruan ingurua zeharkatuz eta gero errepidera irten arte.
Asfaltora iritsita, ezkerrera biratzen dugu eta bi kilometro inguru geratzen dira Elgetaraino (16,83 km · 461 m). Herrira iristean merezi du geldialditxo bat egitea frontoiaren ondoan: bertan iturria dago eta baita bizikleta ur-presioz garbitzeko gunea ere.
Elgetatik iparraldera ateratzen gara, baina errepide nagusitik jarraitu ordez ezkerrera desbideratzen gara. Buelta pixka bat luzeagoa da, baina merezi du: Goikomendi atzealdetik inguratzen dugu, eta altuera irabazten goaz poliki-poliki, oso bide politetik, Karabietara hurbildu arte.
Karabietara iristean (20,11 km · 560 m) errepidea gurutzatzen dugu eta aurrean dugun pistatik jarraitzen dugu. Pixkanaka gora egiten dugu Azkonabietaraino. Puntara nahiko hurbil iristen gara, baina ez gara igoera guztira heltzen: ingurutik zeharkatzen dugu eta Eibarrerantz jarraitzen dugu.
Hemendik aurrera aldatu egiten da lurra: pista eta bideak tartekatzen dira, eta baso artean jaitsiera oso polita egiten dugu, Eibarko goiko aldera eramaten gaituena. Azkenean Unbe kirolgunearen ondoan ateratzen gara.
Unbetik behera egiten dugu Eibarko erdiguneraino (26,74 km · 155 m), herria ia osorik zeharkatuz. Handik Ermuaraino jarraitzen dugu (30,36 km · 178 m), herria behealdetik goialdera zeharkatuz, eta irteerara heltzen gara. Bertan, hilerriaren ondoan, eskuinera hartu eta aldapa handi bat igotzen dugu, Beranoko auzoan sartzeko (32,70 km · 322 m).
Goialdera iristean berriro ikuspegi ederrak ditugu. Aurrera jarraitzen dugu eta harrizko pista hartzen dugu Artetaraino (35,66 km · 462 m). Artetako bidegurutzera iritsi aurretik pista utzi eta lurrezko bide eta pistatik goaz Artetako iturriraino (36,30 km). Handik goraino heltzen gara eta berriro pista bera hartzen dugu, baina beste aldetik. Ezkerretik jarraitzen dugu, Donagarairako jaitsiera bilatuz; han errepidera ateratzen gara eta gora egiten dugu Trabakuaraino, ibilbidea amaitzeko.
Ibilbide hau oso osatua da eta aldaketa ugari ditu: pistak, bideak, baso-tarteak, errepide pixka bat eta oso bide politak. Nabarmendu beharrekoak dira Goikomendiren ingurua, Karabieta eta Azkonabieta, eta Unberako jaitsiera. Itzulera ere oso aldakorra da: Eibar eta Ermua zeharkatuz, gero Berano eta Arteta pasatuz, hasierara itzultzen gara. Horrela, buelta osoa askotarikoa eta aberatsa da hasieratik amaierara.
Ibilbidearen mapa
Benetako GPX tracka OpenStreetMap gainean · Wikilocen ere bai: Wikiloc